Bisita instituzionala martxoak 8aren bezperan.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Berdintasuneko zuzendaria, Miren Elgarresta, Askorako bulego nagusietan izan ditugu gaur, martxoaren 8aren bezperan, berdintasun alorrean egiten dugun lana ezagutu eta etorkizunera begira ditugun proiektuak ezagutzeko.

Askoraren DNAn dago berdintasuna, gure sorreratik Berdintasun Planak landu ditugularik.  Feminizatutako sektore baten parte izanik, emakumeen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasuna bermatzeko politikak martxan ditugu, baita gure jantokietako haur eta nerabeekin berdintasuna, ekitatea, eta errespetua bezalako baloreak lantzeko plan pedagogikoak ere.

Diputatu nagusiarekin eta Berdintasuneko zuzendariarekin batera Jesuitak ikastetxean abian dugun Mahi-Mahi proiektua bisitatu dugu, Askoraren berdintasunerako neurriak bertatik bertara ezagutzeko.  Ikastetxe honetan jantokien eta jolastokien kudeaketa-eredu berritzailea martxan jarri genuenetik, ikasleen artean berdintasun eta bizikidetza balioak sustatzen ditugu eguerdiko aisialdi garaian. Jon Ramos, Itxaso Armendariz eta Ane Abasolo – Askorako gerentea, Jesuitak ikastetxeko Mahi-Mahi proiektuaren kudeatzailea eta arduradun pedagogikoa, hurrenez hurren– eta Jon Arruti, ikastetxeko zuzendariak instalazioetatik bisita gidatu ostean, jantoki zerbitzua bertatik bertara ezagutu dute, egunero bertan burutzen diren dinamikak haurren eskutik ezagutuz.

Diputatu nagusiak jantokietako kudeaketan, pedagogian eta hezkidetzan «eredu berritzaile» bat sortzen asmatu izanagatik zoriondu gaitu, jantokia eta jolastokia diren moduko «funtsezko» espazioetan «berdintasuna eta bizikidetza» balioak bultzatu, «genero ikuspegia» txertatu, eta «genero rol tradizionalak» apurtzeagatik.  Izan ere, «berdintasuna eta erantzunkidetasuna ikasi egiten dira, baina ez ikasgelan soilik, bizitzako espazio guztietan baizik. Geure egin eta egunerokoan aplikatu behar dituzun balioak dira. Bereziki gizonek urrats bat egin behar dugu aurrera eta erantzunkidetasunarekin konprometitu, gizarteak berdintasunerantz aurrera egin dezan», esan du.

Halaber, Olanok Aldundiak berdintasunaren alorrean bere egin dituen lan ildo nagusiak nabarmendu ditu, hala nola kontziliazio «erantzunkide eta partekatu» bat sustatzea, emakumeen garapen pertsonal eta profesionalerako oztopo diren estereotipoak «desaktibatzea», eta indarkeria matxistaren aurkako borroka, hura baita emakumeei erasaten dien «berdintasunik ezaren adierazlerik muturreko eta mingarriena».

Askora enpresa Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan sustatzen duen Erantzunkide Sarean dago. Sare honetan berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea sustatzeko konpromisoa hartua dugun hogeita hamar bat enpresa biltzen gaituelarik. Sare honek besteak beste Askoraren lana aitortu zuen iaz, arlo horretan egiten dituen praktika aurreratuengatik. 2005ean sortu ginen eta 474 profesionalek osatzen dugu gaur egun; horietatik 439 emakumeak izanik.