Egin erosketa jasangarri bat ontziei erreparatuz

Erosketa jasangarria ontzirik gabeko produktuei lotzen zaie lehen mailan, diren bezala eskuratu ditzakegun horiei,  bilgarririk gabekoei. Hala ere, badaude produktu baten jasangarritasunean eragiten duten beste faktore batzuk ere, produktuen ekoizpenak berak gure planetarengan eragina baitu.

Guztiok dakizkigu jasangarritasunaren inguruko aholku nagusiak, nola birziklatu edo berrerabili, bertako produktuak kontsumitu… Guztiak energia, ura, CO2aren emisioak, garraioa… gutxitzera bideratuak.

Hala ere, badaude bilgarririk gabe saldu ezin daitezkeen produktuak edo honela egitea zailagoa denak. Esnea, olioa eta jogurtak kasu. Honelakoetan ontzirik handienak hautatzea da komenigarriena, formatu indibidualak birziklatzeko zailagoak dira eta unitateko bilgarri gehiago dute. Ontzi motari erreparatuz, beirazko ontziak hautatzea da aukerarik jasangarriena. Material hau %100 birziklagarria da hainbat alditan bere propietate eta kalitatea galdu gabe.

Txanponaren beste aldean daude tetrabrickak. Ontzi hauen birziklapena zailagoa da, hainbat motatako materialez osatuta baitaude. Beirazko botilekin alderatuz, ontzi hauen %75-a bakarrik da birziklagarria. Eta gainera, ontzi mota honek sortzen duen ingurumen-aztarna ere handiagoa da, hauen ekoizle handienak ez baitu Espainian sederik, eta produktua inportatua izaten baita garraioak planetarengan duen kosturi erreparatu gabe.

Beste alde batetik, aluminio eta altzairuz egindako latak 100% birziklagarriak dira, baina ekoizpenari loturiko ingurumenarentzako kostu altuak dituzte. Zergaitik hau? Laten ekoizpenak berriztagarriak ez diren baliabide asko xahutzen ditu. Eta gainera, ontzi hauen pisu arinak hauen birziklapena zailtzen du, hondakinen banatze prozesuetatik at geratzea eragin dezakelako. Ontzi hauek freskagarri eta garagardoa bezalako produktuak saltzeko dira erabilienak.

Erosketen garraiorako eta supermerkatuetako bilgarrientzako hain erabilerrazak diren poltsek hondakin kantitate handiak sortzen dituzte. Urtebetean pertsonako 144 plastikozko poltsa erabiltzen direla kalkulatzen da. Horregatik, aukerarik onena hauen erabilpena ekiditea da, baita jasangarriagoak diren paper edo landare-zuntzekoak badira ere. Azken hauek gainera, degradagarriak ez diren plastikoak ere izan ditzakete. Honela bada, poltsa berrerabilgarriak erabiltzea da aukerarik onena. Bai erosketen garraiorako, baita fruta eta barazkientzako ere.

Produktu freskoen bilgarriek ere plastiko asko izan ohi dute. Kasu honetan aholkagarriena berrerabilgarriak diren ontzi propioak erabiltzea da. Baina, kasua ez balitz, gomendagarriena erretilu finak hautatzea litzateke, baita xerratutako produktuen arteko plastikoak dituzten aukerak saihestea ere.

Eta gure seme-alaben otartekoarekin zer? Aluminio papera ia kultura gisa eskolatik irtendakoan jaten duten askarira lotuta dago. Egia da material hau %100 birziklagarria dela eta horregatik, ez dela aukerarik txarrena. Hala ere, berrerabilgarriak diren bilgarriak edo tupperrak erabil ditzakegu askaria eskolara eramateko. Aukera asko daude!

Nolanahi ere, erosketa jasangarriak ez du gure jakiak eta gainerako produktuak ingurumen-aztarna txikiena izan dezaketenen arabera aukeratzea bakarrik esan nahi, gehiago egin dezakegu. Saiatu oinez joaten erosketa egitera eta, ezinezkoa baliz, garraio jasangarriak aukeratzen.

Guzti hau jakinda, zure hurrengo erosketa aldatu egingo da?