DIETA MEDITERRANEARRAK IZAN DUEN GAINBEHERAREN INGURUKO GOGOETA EGIN DUGU RADIO EUSKADIN

Save The Childrenek duela gutxi argitaratu duen eta honen Euskadiko delegazioak babestu duen ikerketaren inguruan gogoeta egitera gonbidatu zuten pasa den apirilaren 10ean, beste hainbat pertsonaia esanguratsurekin batera, Askorako nutrizio-kalitateko teknikaria den Naiara Esteban. Txosten honek hurrek eta nerabeek elikatzerako garaian dituzten ohituren arazoak argitaratu ditu.

Naiara Estebanek Charo Arranz, Save The Children Euskadiko zuzendaria, Marimar Churruca, Euskal Gastronomiaren Akademiako zuzendaria eta Leioako Ostalaritza Eskolako arduradun eta irakasle den Nerea Díazekin batera hartu du parte irratiko hizketaldian.

Gai nagusiak dieta mediterranearrak Euskadin izan duen beherakada eta fruta zein barazkien kontsumoak gazteen artean izan duen 35%eko beherakada izan dira. Errealitate kezkagarri hau produktu freskoen prezioen gorakadaren eta pandemiak utzitako egoeraren testuinguruan gauzatu da. Izan ere, gaur egun errenta baxuagoak dituzte euskal familiek, kirola egiteko ohitura galdu egin dute hein batean, gutxiago lo egiten dute eta guzti honen ondorioz pantailak gero eta gehiago erabiltzen dituzte. Faktore hauek, zalantzarik gabe, eragina dute gure osasunean.

Irratiko parte-hartzean zenbait familiek elikaduraren alorrean duten ezagutza ezaz hitz egin da. Eta Charo Arranzen hitzetan, gizartearen zati batek elikadura osasuntsu eta osasungarrian interesa duen arren, hau ez da motibazio orokor bat.

Errealitate honek sortzen digun kezkak bideratuta, Askorako jantokietan nutrizio-hezkuntza lantzen dugu. Naiara Esteban: “Guretzako, nutrizio-hezkuntza beharrezkoa da. Urteak dituen 365 egunetatik 185 dira, gutxi gorabehera, eskola-egunak eta guk jantokiko momentuan bakarrik egin dezakegu lana beraiekin. Hala ere, garrantzitsua da haurrekin lan egitea eta elikadura osasuntsu baten oinarriak transmititzea, ondoren beraiek etxean aplikatu ditzaten”. Gainera, eta paraleloan, familiekin ere lan egiten dugu. Ekintza ezberdinen bitartez elikadura etxean lantzeko aholku batzuk ematen dizkiegu, osasungarriak diren jangaiak gurasoen erreferentziaren bidez ere jaso ditzaten gaztetxoek.

Ekintza guzti hauek elikadura osasuntsua eskaintzeko gure helburuaren baitan garatzen ditugu, ekonomia zirkularrean oinarrituta egon behar duela uste dugun elikadura osasuntsuan. Naiara Estebanek Radio Euskadin esan bezala: “Gure oinarrizko helburuetako bat da lehengaiak bertako ekoizleengandik eskuratzea”.

Aldiz, Euskadin pobrezia egoera pairatzen duten familia asko daudela badakigu, beraien seme-alabei eguerdietan jantokian jasotzen dutena baino otordu gehiago eskaintzeko gai ez direnak. Eta hortaz, haur hauek ezin dituzte eskuratu dieta orekatu eta osasuntsu bat edukitzeak ematen dizkigun onurak. Horregatik, Askorak eta Mahi-Mahik Charo Arranzek azaldutako ekimenarekin bat egiten dugu: “Save The Children jantokietako bekek gosaria ere babestu dezaten lanean dabil. Neska eta mutikoek otordu hori ere bermatua izan dezaten”.

Entzun hemen: Eitb