Garaiko produktuak agenda 2030aren ikuspegitik

Garaiko produktuak agenda 2030aren ikuspegitik

Compartir:

Supermerkatura sartu eta nahi dugun barazki, fruta eta bestelako produktu freskoak erostera ohituta gaude. Nahi duguna, nahi dugunean.

Hala ere, gure lurrak ez dizkigu produktu hauek urte osoan zehar eskaintzen, sasoiko produktuak urtaroen araberakoak baitira, hotz-beroak hazi eta heltzen ditu. Erosketa egitera joandakoan uneoro eskuratu ditzakegun produktuak, beste lurralde batzuetatik ekarritakoak, pestiziden laguntzarekin hazitakoak… izan ohi dira.

Hortaz, produktu osasuntsuak eta produktuen jasangarritasuna ez datoz beti bat… Baina, nola jabetu ezberdintasun honetaz? Agenda 2030ari erreparatzea izan daiteke aukeretako bat. Bertan mundu jasangarriago baterako hartu behar ditugun konpromezuak batzen dira, Garapen Jasangarrirako Helburuak. Goazen probatzera!

Aguakatea, energia eta mantenugai iturria; antioxidatzailea, garuna eta hezurrentzat onuragarria da. Hegoamerika da produktu honen ekoizle nagusia Europarako, Euskal Herritik milaka kilometrotara hazten dira gosaritan, ogi txigortuaren gainean… gozatzen ditugun fruitu hauek.  Arboletatik zuzenean jasotzen dituzte, eskuz nagusiki eta eskailera batez lagundurik, hilean soldata minimoaren erdia irabazten duten langileek. Ondoren, hotz-ganberaz ekipaturiko garraioetan gure kontinenteraino heltzen dira eta guk, supermerkatuan erosten ditugu.

Prozesu honetan hobetzeko daude 1, 8, 10, 12 eta 13 Garapen Jasangarrirako Helburuak. Hau da: pobrezia desagertzea, lan-duina eta hazkunde ekonomikoa, desberdintasunak murriztea, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, eta klima babesteko ekintza. Urrunetik datorren produktuan bitartekari gehiago daude medio, eta honen jasangarritasuna murrizteko aukerak orduan eta altuagoak dira.

Bertako produktuan, ekoizle, bitartekari, garraio eta banatzaileen nondik-norakoak ezagutzea errazagoa da. Ekoizlea gure ondoko baserritarra izan daiteke, garraiolaria bizilaguna eta banatzailea etxe azpiko elikagai-dendako pertsona. Jatorria eta prozesua ezagutzea askoz sinpleagoa da. Eta noski, Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzea ere errazagoa.

Baina gure baratzeetan produktu freskoak ez dira urte osoan zehar hazten… Lehenago aipatu bezala, garaiari loturik hazten dira barazki eta frutak.

Hala ere, osasuntsua eta jasangarriaren dikotomia errepikatuz, bertakoa ere ez da jasangarritasunaren sinonimo. Hala izateko aukerak handiagoak diren arren, adi egon behar gara, produktuen jatorria identifikatzen saiatu eta karbono-aztarna ahalik txikiena dutenak erosteko konpromezua hartu, GJH-ak betetzeko gure ekintza garatu.

Egin proba udazkeneko produktuekin! Dastatu alberjinia, kalabaza, espinakak, azenarioa, sagarra, mahatsa, pikuak… Udazken zaporeak udazkenean!


Mas noticias sobre