Larramendi Ikastolako Zuzendari Kudeatzailea den Mikeldi Garciak eta Zuzendari pedagogikoak, Maria Galdeanok, erantzundako galderak.
Labur, nola deskribatuko zenukete Larramendi Ikastola?
Larramendi Ikastola guraso hezkuntza-kooperatiba euskaldun, parte-hartzaile, inklusibo eta berritzailea da. Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko hezkuntza integrala eskaintzen dugu, eta gure helburua da pertsona bere dimentsio guztietan garatzen laguntzea, askotariko eremuetako ezagutzak eraikitzen laguntzetik haratago. Egiten ikastetik harago, izaten ikasteko hezkuntza-proiektua da familiak eta profesionalak elkarlanean arituz.
Zergatik erabaki zuen Larramendi Ikastolak jangela autogestionatzea?
Gure helburua ikasleen elikadura-ohituretan eragin positiboa izatea da, bertako eta garaiko produktuak sustatuz. Gainera, jangela hezkuntza-proiektuaren parte gisa ulertzen dugu, eta autogestioak kontrol handiagoa ematen digu gure izaera eta balioekin bat datorren zerbitzua eskaintzeko.
Zein zailtasunekin egin zenuten topo eta zerk eraman zintuzten Askora Eskolan-ekin lanean hastera?
Jangela autokudeatzeko urratsak ematerakoan, hainbat erronkari aurre egin behar izan genion: kudeaketa logistikoaren konplexutasuna, menuen egokitzapena eta hornitzaileen kudeaketa, baita eguneroko funtzionamendua koordinatzeko beharra ere. Gurasoen auzolan antolaketa modu batetik gentozen eta profesionaltasunean sakontzeko beharra ere ikusi genuen. Horretarako sektorean eskarmentua zuen aholkulari baten eskutik joateak prozesu hori arinago eta hobeto egiten ziurtatuko zigula uste izan genuen.
Ikastola gisa dituzuen erronka berriei dagokienez, zenbaterainoko garrantzia dutela uste duzue jantoki eta jolastoki batek?
Jantokia eta jolastokiak ezinbesteko espazioak dira ikasleen ongizate fisiko eta emozionala garatzeko. Jantokian ohitura osasungarriak, autonomia eta elkarbizitza sustatzen dira eta jolastokia atsedenaldirako, garapen psikomotorrerako eta harreman sozialak garatzeko espazioa da. Beraz, espazio horien erabilera pedagogikoa indartzea gure lehentasunen artean dago.
Zertan lagundu dizue Askora Eskolan-ek prozesu honetan guztian?
Askora Eskolan-ek menuen osaketa, hornitzaileen kudeaketa eta eguneroko funtzionamendua optimizatzeko tresnak eta gomendioak eskaini dizkigu. Gainera, jantokiko langileen formazioan lagundu digu gure helburu pedagogikoekin bat eginez.
Nola baloratuko zenukete Askora Eskolan-ek gaurdaino egindako lana?
Oso positiboki baloratzen dugu Askora Eskolan-en lana. Gurekin elkarlanean aritu dira modu malgu eta profesional batean, gure beharretara egokituz.